cartel cas

Kartel lehiaketaren oinarriak

“KONTSUMO ARDURATSUA: GURE PLANETA ZAINTZEN” KARTEL LEHIAKETA

-oinarriak-

Testuingurua

Industria Iraultzatik aro modernora arte, gure erabakiek ondorio sakonak izan dituzte klima globalean, erregai fosilen erreketarekin, deforestazioarekin eta nekazaritza intentsiboarekin, ingurune naturala epe luzera zaindu ordez berehalako hazkundearen ikuspegi ekonomikoa nabarmenduz.

Agroekologiak ziklo naturalak errespetatzen dituzten nekazaritza-jardueren bidez erantzuten die erronka horiei, eta ongarri eta pestizida sintetiko gisako gaien erabilera minimizatzen du, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna sustatzeko. Ikuspegi horren bidez, ingurumen-aztarna murriztu eta tokiko ekosistemen eta komunitateen erresilientzia indartu nahi da, eta, horrez gain, elikadura-segurtasuna eta ekitate soziala hobetu nahi dira, nekazari eta komunitate txikiak ahaldunduz.

Kontsumo arduratsuak ikuspegi hori osatzen du, ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenaren eta kontsumoaren gizarte-, lan- eta ingurumen-dimentsioak kontuan hartzen baititu. Aukeraketa egiteko modu kontzientea da, gure erabakien eragin osoa kontuan hartuta.

Bai Euskadin, bai Perun eta Bolivian, Pobreziaren Aurkako Borrokan Ingurumen Jasangarritasunaren Aldeko Sarea osatzen dugun erakundeok konpromisoa hartu dugu horrelako praktikak sustatzeko, eta urtean zehar ekitaldiak eta azokak antolatzen ditugu herritarren kontzientzia indartzeko eta kontsumo arduratsurako alternatibak eskaintzeko.

Helburua eta Gaia

Lehiaketa honen bidez, agroekologian eta kontsumo arduratsuan oinarritutako azokak eta ekitaldiak ondoen irudikatzen dituzten bi kartel aukeratu nahi dira.

Parte-hartzaileak

Bi kategoria:

  1. Gazteak: 11 eta 15 urte bitartekoak, Espainian, Perun edo Bolivian bizi direnak.
  2. Helduak: 16 urtetik gorakoak, Espainian, Perun edo Bolivian bizi direnak.

Egile-eskubideak eta obren erabilera

Parte-hartzaileek beren gain hartzen dute egile bakarrak izatearen, hirugarrenen eskubiderik ez egotearen eta lehiaketara aurkeztutako lanen gaineko irudi-eskubideengatiko erreklamazio ororen erantzukizun osoa.

Lehiaketan parte hartzen duten lanak Sareko edozein erakundek erabili ahal izango ditu kontzientziazio-kanpainetan, azoketan eta ekitaldietan, baldin eta ekintzek irabazi-asmorik ez badute.

Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek erabat onartzea dakar.

Obren formatua eta aurkezpena

Lanak formatu digitalean aurkeztuko dira, eta originalak izango dira, hau da, beste lehiaketa batzuetan saritu ez diren eta merkaturatzen ez diren lanak. Fotomuntaketak, collagea, marrazkiak, margolanak edo bestelako arte adierazpideak egin ahal izango dira.

Kartelak JPG edo PDF artxiboak izan behar dira, gutxienez 3.000 pixelekin. Fitxategiek ez dute 5 MB baino gehiago izango. Parte-hartzaile bakoitzak kartel bakarra bidali ahal izango du, zuri-beltzean edo koloretan, teknika eta prozedura askatasun osoz. Kartelekin batera azalpen-paragrafo bat aurkeztu ahal izango da. Paragrafo horretan, gehienez ere, 400 hitz idatzi ahal izango dira, lanaren izenburua eta esanahia labur azalduta, bai eta zergatik egin den ere.

Ez da errotulaziorik behar, azoketara egokitzeko beharraren arabera gehituko baita.

Sareak eskubidea du pertsonen ohorearen edo duintasunaren aurkako lanak lehiaketatik kanpo uzteko, bai eta ezarritako edozein oinarri betetzen ez dutenak edo Sarearen printzipioak urratzen dituztenak ere.

Lanak jasotzen diren bitartean, sare sozialetan erakutsiko dira (Facebook, Instagram, Linkedin). Lan finalistak Sarearen webgunean erakutsiko dira.

Aurkeztutako lanak kanpaina, azoka edo sare sozialen formatu ezberdinetara egokitu ahal izango dira.

Izen-ematea eta dokumentazioa

Lanak posta elektroniko honetara bidali behar dira redsostenibilidadambiental@gmail.com, datu hauekin:

· Lanaren izenburua

· Azalpen-paragrafoa

· Egilearen izen-abizenak

· Adina

· Herria eta helbidea

· Harremanetarako telefonoa

· Posta elektronikoa

Mezuaren gaian “CONSUMORESPONSABLE” kartel lehiaketa adierazi.

Epea

Lanak aurkezteko epea 2024ko irailaren 25ean amaituko da, 23:59an (Espainiako ordua / UTC/ GMT +1 ordu).

Epaimahaia eta epaia

Epaimahaia artearen edo/eta agroekologia eta kontsumo arduratsuaren inguruko gaiak lantzen dituzten elkarte edo pertsonek osatuko dute. Epaimahaia osatuko duten pertsonen izenak Sareko hedabideetan argitaratuko dira.

Kartel irabazleak 2024ko urriaren 7an iragarriko dira. Irabazleei inskripzioan adierazitako posta elektronikoaren bitartez jakinaraziko zaie, eta Sareko eta haien bazkideen sare sozialetan ere argitaratuko da.

Obraren originaltasuna eta kalitate artistikoa izango dira irizpideak, bai eta agroekologiaren eta/edo kontsumo arduratsuaren gaiarekin duen harremana ere. Gainera, kultura-aniztasunaren integrazioa baloratuko da, kartel horiek Perun, Bolivian eta Euskadin erabili ahal izango direla ulertuta. Beraz, honela baloratuko dira aipatutako alderdiak:

· Sormena: originaltasuna eta sormena ilustrazioen irudikapenean. Elementu artistiko bakarrak eta adierazpen sortzaileak bilatzea.

· Gaia interpretatzea: obra egin duen pertsonak lehiaketaren gaiaren funtsa nola atzeman eta transmititzea lortzen duen.

· Konposizioa: obraren antolaketa eta diseinua, koloreen aukeraketa, harmonia eta oreka bisuala.

· Mezua eta garrantzia: lanak lehiaketaren gaiarekin zerikusia duten gai kultural edo sozialak jorratzen ditu.

Ez dira onartuko Adimen Artifizialaren bidez egindako kopiak edo obrak.

Irabazleek saria onartuz erantzun beharko diote jasotako mezuari. Posta elektronikoa bidali eta 5 egun naturaleko epean erantzunik jasotzen ez bada edo helbide elektronikoa okerra edo hutsala bada, saria epaimahaiak hautatutako hurrengo lanari emango zaio automatikoki.

Sariaren zenbatekoa

Gazte maila: 60 euro/250 sol/464 boliviarretan baloraturiko saria, inskripzioan adierazitako helbidera bidaliko dena.

16 urtetik gorakoak: 150 euros/600 soles/1100 boliviarretan baloraturiko saria, inskripzioan adierazitako helbidera bidaliko dena.

Saritutako kartelak Pobreziaren aurkako Borrokan Ingurumen Jasangarritasunaren aldeko Sarea osatzen duten GKEek eta beste elkarte aliatu batzuek antolaturiko Euskadiko, Peruko eta Boliviako azoka agroekologikoak edo antzeko ekitaldiak sustatzeko erabiliko dira.

Datuen babesa

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, parte-hartzaileak baimena ematen du emandako datu pertsonalak tratatzeko.